Espezismoa

Espezismoa

aepic28Bizi garen munduan hainbat diskriminazio mota badira. Diskriminazioa gertatzen da norbaiti besteei baino kontsiderazio moral txikiagoa aitortzen zaionean, edo norbait besteak baino modu okerragoan tratatua denean, justifikaziorik gabeko arrazoiren batengatik.1 Badira hainbat gizakiren aurkako diskriminazioak, haien sexuaren, azalaren kolorearen, sexu orientazioaren eta beste arrazoi askoren ondorioz.

Diskriminazioa  justifikaziorik gabe kontsiderazio moral ezberdina aitortzea da

Norbaiti kontsiderazio morala aitortzen diogunean, kontuan hartzen dugu norbanako horri nola eraginen dioten gure ekintzek (edo ekintza ezak), gure jarrerek eta erabakiek. Kontsiderazio morala ez da bakarrik sentitzeko gaitasuna duten izakiekin (kontzienteak diren izakiekin) kontuan hartzen. Hainbatek kontsiderazio morala aitortzen diete ekosistemen edo espezieen gisako gauzei; baina kontsiderazio morala, oro har, bakarrik ematen zaie izaki kontzienteei. Hainbat izakiri kontsiderazio moral handiagoa edo txikiagoa aitortzen ahal diegu; eta, berez, hori egiten dugu. Espezismoa da arrazoi bidegabeen ondorioz, izaki ezberdinei kontsiderazio moral ezberdina ematea.

 

Diskriminazioa eta esplotazioa y explotación

Diskriminazioa jasaten dutenek, maiz esplotazioa jasan ohi dute ere. Gerta daiteke besteak diskriminatzea, baina ongi tratatzea. Hala ere, diskriminatzailea da norbait besteak baino okerrago tratatzea arrazoi arbitrarioengatik, azalaren koloreagatik edo sexuarengatik, besteak beste.

Espezismoa espezie jakin batekoak ez direnen aurkako diskriminazioa da. Gizarte gehienetan guztiz normaltzat jotzen da beste espezietako animaliak diskriminatzea. Diskriminazio hori gertatzeko modua eta haren larritasuna era batekoa edo bestekoa da toki ezberdinetan,  hainbat animalia zenbait tokitan beste hainbatetan baino okerrago tratatzen dituztelarik. Adibidez, behiak, txakurrak eta izurdeak  modu guztiz ezberdinean tratatzen dituzte gizarte diferenteetan. Gizarte gehienek partekatzen duten gauza bat da oso modu kaltegarrian baztertzen dituztela, gutxienez, hainbat espezietako animaliak.

Diskriminazio espezista erabat ohikoa da, eta, ondorioz, gizaki gehienek ez dute zalantzan jartzeko ahalegina egiten; ahalegin hori egiten dute bakarrik diskriminazio mota edo haren maila ezohikoa denean. Horrek ekartzen du gizakiek beste animaliak haien egunerokotasunean esplotatzea, baliabidetzat erabiltzen baitituzte. Hau hainbat modutan gertatzen da. Gizaki ez diren animaliak elikagai gisa kontsumitzen dituzte, janzteko erabiltzen dituzte, dibertitzeko torturatzen eta hiltzen dituzte, lan indar gisa esplotatzen dituzte, eta hazi egiten dituzte ondoren hil eta haien gorputzen zatiak kosmetiko edo beste kontsumo produktu gisa erabiltzeko. Beste animaliak, finean, esklaboak dira.

Beste animaliak esplotatzen ez dituztenean ere baztertzen dituzte, haienganako kontsiderazio moralik ez dagoelako.2 Gizakiek era askotako jarrerak dituzte beste animaliekiko. Zenbaitek ez dituzte inolako begirunearekin tratatzen. Gutxiengo batek ez du inolako kezkarik animaliak tratatzeko moduarekin, eta arrazoirik gabe animaliak torturatuak direnean  ere ez dira arduratzen. Jarrera horren bertsio ez hain muturrekoa islatzen dute animaliak dibertitzeagatik edo ezohiko moduan torturatzearen aurka direnek; horiek, hala ere, ez dute uste animalien sufrimenduak gehiegi inporta duenik, beste animaliak tratatzeko moduak gizakiei mesede egiten dien bitartean.

Hainbatek nolabaiteko errespetuarekin tratatzen dituzte animaliak, baina diskriminatzen dituzte eta modu arbitrarioan okerrago tratatzen dituzte giza espeziekoak ez direlako. Gauza bera gerta daiteke jarrera arrazisten kasuan: giza esklabotzaren aurka egon zaitezke, baina, hala ere, arrazista izan.3

Pentsatu ohi da gizakiek bakarrik merezi dutela erabateko kontsiderazio morala. Ontzat jotzen da maiz animalia bati min egitea horrek gizakiei onuraren bat ekartzen badie, onura horren maila kontuan hartu gabe. Ontzat jotzen da, halaber, laguntza behar duten animaliak ez laguntzea eta, askotan, gizaki ez den animalia batek laguntza behar duenean, ez zaio ematen eta bakarrik uzten zaio. Hori gertatzen da, bereziki, naturan bizi diren animalien kasuan.

Garrantzitsua da nabarmentzea ez dela beharrezkoa norbait gorrotatzea edo mindu  nahi izatea diskriminazioa emateko; ez da beharrezkoa, ezta ere, izaera sadikoa izatea.4 Beste animalien diskriminazioa gertatzen da garrantzirik ez diogulako ematen gure haienganako jarrerak eragin ahal dien kalteari edo onurari; garrantzia emanen genioke, ordea, kaltetutakoak gizakiak balira. Gainera, hainbat animalia ez ditugu diskriminatzen gizakiekin alderatuta,  gizaki ez diren beste hainbat animaliekin alderatuta baizik. Adibidez, errespetu handiagoa izaten ahal zaie txakurrei, zerriei baino; edo ugaztunei beste hainbat animaliei baino. Horren emaitza da errespetu gutxien jasotzen duten animaliei kalte eginen zaiela. Horren adibide da txakurrak nahiz katuak elikagai gisa baztertzea (hainbat herritan animalia horiek elikagai gisa erabiltzen dira) baina oilaskoen edo arrainen kontsumoa onartzea.5 Hori beste diskriminazio espezista mota bat da, sentitzeko gaitasuna duten animalia guztiek baitute mina ez jasateko interesa, espezie batekoak edo bestekoak diren kontuan hartu gabe.

Espezismo mota bat da animalia txikiak diskriminatzea; askotan oharkabean pasatzen bada ere. Oro har, animalia txikiak gutxiago zaintzeko joera psikologikoa dugu. Askok uste dute, adibidez, zaldi bati kontsiderazio moral handiagoa zor zaiola arratoi bati baino; hori pentsatzen dute haien tamaina erlatiboagatik.6 Animalia txikiak horren kontziente ez direla pentsatzeko joera dugu, baina hori ez da egia, halabeharrez.

 

Espezismoa justifikatzen ahal dugu?

Gaur egun, oraindik ere, arrazismoa eta sexismoa babesten dute askok. Beste askok, ordea, arbuiatzen ditugu, diskriminazio arbitrarioak direlako. Galdera da: nola gerta daiteke arrazismoa eta sexismoa arbuiatzea, espezismoa onartzen den bitartean?7

Ez dago espezismoa justifikatzeko arrazoirik. Batzuetan esaten ohi da beste animaliak diskriminatu ahal ditugula gizakiak ez direlako bakarrik. Baina hori baldintza biologiko hutsa da, sexu batekoa edo bestekoa jaiotzea edo azal kolore batekin edo bestearekin jaiotzea bezala. Arbitrarioa da, erabat, eta ezin du diskriminazioa justifikatu. Batzuetan esaten da gizakiek begikotasun handiagoa dietela beste gizakiei, beste animaliei baino. Xenofoboek eta arrazistek begikotasun handiagoa diete gizaki batzuei beste batzuei baino, baina horrek ez du haien jarrera justifikatzen.

Beste hainbatek diote beste animaliak diskriminatu ahal ditugula haien adimena ez delako gizakiona bezalakoa. Baina hori diotenek ez dute kontuan hartzen gizaki guztiek ez dutela adimen mota edo maila bera. Haurrek eta adimen urriko pertsonek, adibidez, ez dute “gizakien adimentzat” jotzen ohi dugun hori. Zorionez, gehienek aurka egiten diote halako oinarriak hartuta beste gizakiak diskriminatzeari. Baina adimena ez bada arrazoi nahikoa beste hainbat gizakienganako tratu okerragoa justifikatzeko, ezin da izan arrazoi bat gizaki ez diren animaliak gizakiak baino modu okerragoan tratatzeko.

aepic29
Beste izakiak errespetatzeaz ari garenean, kontuan hartu behar dena  izaki horiek esperientzia positiboak eta negatiboak izateko duten gaitasuna da, hala nola, plazera, asetasuna eta sufrimendua. Beraz, gizaki ez diren animaliak sufritzeko eta gozatzeko gai badira, begirunez tratatu behar ditugu eta haiek ez kaltetzen saiatu. Errespetua ukatzea gure espezie berekoak ez direlako edo gurearen gisako adimena ez dutelako diskriminazio arbitrarioa da. Benetan inpartzialak bagara, diskriminazio oro arbuiatuko dugu, baita espezie partaidetza oinarri duena ere.

Gizaki gehienek zergatik babesten dute gizaki ez diren animalien aurkako diskriminazioa? Arrazoiak sinpleak dira. Lehenik eta behin, haurtzarotik irakatsi digutelako animaliak edo gurea ez diren beste espezieak gu baino gutxiago direla, eta ez dutela gure begirunea merezi. Bigarrenik, gizaki ez diren animalien esplotazioak mesede egiten digu, haien gorputzak eta fluidoak janari gisa kontsumitzen baititugu. Beraz, onura horiek zalantzan jartzeko pizgarri gutxi dugu. Gure ideiek beste animalien esplotazioa  ontzat jotzea ekartzen dute, eta esplotazio horrek ekartzen dizkigun onurek gure ideiak indartzen dituzte. Erosoa da  beste animaliak gu baino gutxiago direla dioen jasotako ezagutza onartzea, eta hori “agerikotzat” jotzea. Baina ikuspuntu hori justifika ezina da.


Gomendatutako irakurketak

Arneson, R. J. (1999) “What, if anything, renders all humans morally equal”, in Jamieson, D. (ed.) Singer and his critics, Oxford: Blackwell, 103-128. orrialdeak

Cushing, S. (2003) “Against ‘humanism’: Speciesism, personhood and preference”, Journal of Social Philosophy, 34, 556-571. orrialdeak.

DeGrazia, D. (1996) Taking animals seriously: Mental life and moral status, Cambridge: Cambridge University Press.

Faria, C. & Paez, E. (2014) “Anthropocentrism and speciesism: Conceptual and normative issues”, Revista de Bioética y Derecho, 32, 95-103. orrialdeak. [sarbidea: 2016ko urtarrilaren 23].

Gompertz, L. (1992 [1824]) Moral inquiries on the situation of man and of brutes, London: Open Gate.

Horta, O. (2010) “What is speciesism?”, Journal of Agricultural and Environmental Ethics, 23, 243-266. orrialdeak. [sarbidea: 2013ko ekainaren 28].

Kaufman, F. (1998) “Speciesism and the argument from misfortune”, Journal of Applied Philosophy, 15, 155-163. orrialdeak.

LaFollette, H. & Shanks, N. (1996) “The origin of speciesism”, Philosophy, 71, 41-61. orrialdeak.

Persson, I. (1993) “A basis for (interspecies) equality”, in Cavalieri, P. & Singer, P. (eds.) The Great Ape Project, New York: St. Martin’s Press, 183-193. orrialdeak.

Pluhar, E. (1996) Beyond prejudice: The moral significance of human and nonhuman animals, Durham: Duke University Press.

Regan, T. (1979) “An examination and defense of one argument concerning animal rights”, Inquiry, 22, 189-219. orrialdeak.

Sapontzis, S. F. (1987) Morals, reason, and animals, Philadelphia: Temple University Press.

Sapontzis, S. F. (1990) “The meaning of speciesism and the forms of animal suffering”, Behavioral and Brain Sciences, 13, 35-36. orrialdeak.

Singer, P. (2018 [1975]) Liberación animal, Barcelona: Taurus.

Torres Aldave, M. (2013) “Giza naturatik animalien eskubideetara: espezie partaidetza eta deliberamendu etikoa”, JAKIN, 198, 55-83. orrialdeak.

Spiegel, M. (1988) The dreaded comparison: Human and animal slavery, London: Heretic Books.

Vallentyne, P. (2005) “Of mice and men: Equality and animals”, Journal of Ethics, 9, 403-433. orrialdeak.

Wilson, S. D. (2005) “The species-norm account of moral status”, Between the Species, 13 (5) [sarbidea: 2012ko abuztuaren 27].


1 Ikusi Boxill, B. R. (1995 [1991]) “Igualdad, discriminación y trato preferente”, in Singer, P. (ed.) Compendio de ética, Madrid, Alianza, 457-468. orrialdeak; Horta, O. (2010) “Discrimination in terms of moral exclusion”, Theoria: Swedish Journal of Philosophy, 76, 346-364. orrialdeak. [sarbidea: 2014ko otsailaren 15a]; Lippert-Rasmussen, K. (2006) “Private discrimination: A prioritarian, desert-accommodating account”, San Diego Law Review, 43, 817-856. orrialdeak.; Lippert-Rasmussen, K. (2007) “Discrimination”, in Ryberg, J.; Petersen, T. S. & Wolf, C. (eds.) New waves in applied ethics, Basingstoke: Palgrave Macmillan, 51-72. orrialdeak.; Wasserman, D. (1998) “Discrimination, Concept of”, in Chadwick, R. (ed.) Encyclopedia of applied ethics, San Diego: Academic Press, 805-814. orrialdeak.

2 Hurrengo liburuan aurki dezakegu animalien esplotazioaren aurkako jarrera baten adibide bat, baina, hala ere, espezismoa babesten duena: Zamir, T. (2007) Ethics and the beast: A speciesist argument for animal rights, Princeton: Princeton University Press.

3 Honi buruz ikusi Graft, D. (1997) “Against strong speciesism”, Journal of Applied Philosophy, 14, 107-118. orrialdeak; Holland, A. J. (1984) “On behalf of moderate speciesism”, Journal of Applied Philosophy, 20, 281-291. orrialdeak.

4 Mason, J. (1998) “Misothery”, in Bekoff, M. & Meaney, C. A. (eds.) Encyclopedia of animal rights and animal welfare, Chicago: Fitzroy Dearborn, 245. orrialdea.

5 Ikusi Burgess-Jackson, K. (1998) “Doing right by our animal companions”, Journal of Ethics, 2, 159-185. orrialdeak.

6 Ikusi Morton, D. B. (1998) “Sizeism”, in Bekoff, M. & Meaney, C. (eds.) Encyclopedia of animal rights and animal welfare, op. cit., 318. orrialdea.

7 Arrazakeriaren eta espezismoaren arteko alderatzea aurki daiteke hemen: Patterson, C. (2008 [2002]) ¿Por qué maltratamos tanto a los animales?: un modelo para la masacre de personas en los campos de exterminio nazis, Lleida: Milenio; Sztybel, D. (2006) “Can the treatment of animals be compared to the Holocaust?”, Journal of Agricultural and Environmental Ethics, 11, 97-132. orrialdeak. Arrazakerian oinarritutako esklabutzaren eta espezismoaren arteko konparazioa hurrengo liburuan aurkitu daiteke: Spiegel, M. (1988) The dreaded comparison: Human and animal slavery, London: Heretic Books.