Top nav

Piglet in garden

Zer da beganismoa?

Beganismoa gizakiak ez diren animalien kalteak saihesteko, edo hauek ahal den neurrian murrizteko, filosofia eta bizimodua da. Honek kontuan ditu gure ekintza zuzenak, hala nola, ehiza edo arrantza. Baina, are garrantzitsuagoa (batez ere animalia askoz gehiagorengan eragina duelako),  gure kontsumoaren ondorioak kontuan hartzen ditu. Animaliak akatuak izaten dira; gainera, abeltegietan nahiz hiltegietan  sufrimendua nagusi da. Honen  arrazoia animaliak jatorri dituzten elikadura produktuen eskari handia da,  gero eta handiagoa baita. Beganismoa animaliak jatorri dituzten produktuak ekiditean datza, animaliak ez kaltetzeko helburuarekin.

Beganismoak sentitzeko gaitasuna duten  izakiekiko errespetu mezua bidaltzen du. Beganoak diren pertsonek  sentitzeko gaitasuna duten animalia guztiak begirunez tratatzen dituzte, ez gure kontsumo ondasun huts gisa.

 

Konexioa egiten

Beganismoa gero eta ohikoagoa da; batez ere gero eta pertsona gehiago ohartzen direlako, animaliengan jatorria duten produktuak aukera begetalengatik ordezkatuz, animaliak lagundu ditzaketela haien sufrimendua eta heriotza saihestuz. Gainera, pentsamolde honen zabalpenak espezismoa murriztera darama, espezie partaidetzan oinarritutako animalien diskriminazioa gutxituz.

Konexioa egitean datza gakoa. Gizakiak ez diren animalien lekuan egongo bagina, onargarria izango litzateke? Txerri edo oilasko gisa jaio gintezkeela pentsatuko bagenu, seguruenik ez genuke egungo mundua onartuko, hau da, ez genuke animaliak, elikagai gisa kontsumituak izateko, konfinatuak eta akatuak diren mundu bat onartuko. Bidezkoa al da animalia batzuk babestea, txakurrak edo katuak adibidez, txakurrek edo katuek bezalaxe antzeko egoeratan sufritzeko gaitasuna duten beste animaliak kontuan hartzen ez diren bitartean? Gehienek ez lituzkete txakurrekiko tratu txarrak onartuko. Beraz, beste animaliei abeltegietan nahiz hiltegietan gertatzen zaiena onargarria al da?

 

Aukerak edonon

Gero eta pertsona gehiago animaliak jatorri dituzten elikagaiak, jatorri begetala duten elikagai osasuntsu goxoengatik ordezkatzera ausartzen dira. Merkatuan eskuragarri dauden aukera pilarekin, animaliak jatorri dituzten produktuak  jatorri begetala duten produktuengatik ordezkatzea inoiz baino erosoagoa eta errazagoa da.

Elikagai dendetan eta supermerkatuetan jatorri begetaleko elikagaiak eskuragarri daude prezio onean, aukerak anitzak izanik: ilarrak, babarrunak, dilistak, pasta, arroza, zerealak, barazkiak, frutak eta fruitu lehorrak adibidez. Tofua, soja eta hanburgesa begetalak gero eta errazagoak dira eskuratzen denda desberdinetan. Sojazko, olozko, arrozeko edo almendrazko edari begetalak gero eta arruntagoak dira. Eta jogurta nahiz izozki begetalak topatzea gero eta errazagoa da.

Eta familia edo lagunekin etxetik kanpo jatera ateratzerakoan, zer? Ia edozein jatetxean pasta, arroza, entsaladak edo patatak aurkitu ditzakegu, plater horiek aldaketa txikiekin beganoak bihurtu daitezkeelarik. Gainera, jatetxe txinatarrek, indiarrek, arabiarrek edo italiarrek, beste batzuen artean, animaliak jatorri ez dituzten plater zoragarriak eskaintzen dituzte.

Supermerkatuak eta jatetxeak alde batera utzita, bestelako urrats txikiak eman ditzakegu animalien sufrimenduarekin bukatzeko. Arropa erosterakoan, adibidez, larruaren, artilearen, lumen eta zetaren alternatibak aukeratu ditzakegu. Animalien sufrimenduetatik libre dauden material asko ditugu gure esku: kotoia, poliesterra edo ehun sintetikoak, adibidez. Honez gain, gure aisialdian animaliei sufrimenduak eragiten ez dizkieten aukerak oso anitzak dira. Arrantza egin beharrean, ehizatu beharrean, zezenketetara edo animaliak erabiltzen dituzten beste ikuskizunetara joan beharrean; zinemara, antzokira, kontzertuetara, paseatzera edo animaliak erabiltzen ez dituzten zirkoetara joan gaitezke.

 

Denok egin dezakegu

Academy of Nutrition and Dieteticsek, munduko elkarte nutrizionista handienak, elikadura beganoa edozein biziaroan egokia eta osasuntsua dela dio. Milioika pertsonek animaliak jatorri dituzten produkturik gabe bizitzea erabaki izanak ere hori frogatzen du. Pertsona guztiok egin dezakegu, baita zu ere. Horrela eginez gero, animalia guztientzako bidezko mundua lortzeko konponbidearen norabidean izango zara.

Beganismoa aukeratzean, bizimodu etikoa aukeratzen dugu. Milioika gara animaliak babesten eta defendatzen ditugunak, batu zaitez!

 

Top nav